XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hala eta guztiz ere, analisia hori baino gorapilotsuagoa da, biktimarik gabeko delitua gezur hutsa da eta adierazi nahi da prostituzioan diharduen emakumea bi aldiz dela biktima, alde batetik egoerarena eta bestetik erregulazio ezarena.

Horregatik, Kode Penal berriak zigortzen du 18 urtetik beherako pertsona baten prostituzioa suspertu, lagundu edo bideak errazten dituena edo 18 urtetik gorako pertsona bat behartzen duena adibidez, haren behar gorria aprobetxatuz prostituzioan jardutera edo hartan irautera haren borondatearen kontra.

Horrekin saihestu nahi da gizartean izan ohi den itxurakeria, ez kriminalizatzea eta aldi berean legez kanpo uztearen alde azaltzea. Ez legeztatzeak zera dakar, alegia, emakumeak nozitu behar duela legearen aldetik babesik ez izatea eta desohorean iraun beharra, eta egoera horrek ez dio mesede makala egiten bezeroari, kriminalizazioaren kargatik bezala legeztatzearenetik ere libratzen delako.

Emakume feministen kritikaren xede izan da, halaber, Zuzenbide penalak emakumeari eskaintzen dion babes eskasa, delitu gisa ez dituelako zigortzen harentzat kaltegarri diren hainbat jokabide.

1989ko erreformak hein batean erantzun bat eman zion eskari horiei, berrikuntza gisa etxeko bortizkeria delitu gisa sartuz (lehen hutsegitea zena) bai eta pentsioak ez ordaintzearen tipo penal berria ere.

Kode Penalak zigortzen du ezkontidearekin edo bizikidetasun harreman antzeko batez loturiko pertsonarekin bortizkeria fisikoa erabiltzen ohi duena, eta orobat, haren edo ezkontide nahiz bizilagunaren seme-alabekin, gurasoekin edo ezinduekin. Zigorra 6 hilabetetik hiru urtera artekoa izango da, egindako kaltearengatik legokiokeen zigorra kontatu gabe. Halaber, zigortzen da hiru hilabete segido edo sei txandakatuta, edozein prestazio ekonomiko, ezkontidearen edo seme-alaben alde hitzarmen nahiz ebazpen judizial bidez ezarritakoa, ez ordaintzeagatik. Horrelakoetan 6 hilabetetik 22ra arteko isuna jarriko zaio.

1989ko erreformaren ordoren sortu den arazoa da lege arau horiek ez direla aplikatzen eta horrek zenbait esparrutan eszeptizismoa areagotu besterik ez du egin Zuzenbide penalera jotzeari dagokionez eta hainbatek pentsatzen du Zuzenbide penal gehiago izateak ez dakarrela ezinbestean aplikazio hoberik eta babes handiagorik.

Elkarte feministek aldarrikatu dute zernolako kontraesana dakarren aurrerazale izateak, alde batetik zigor txikiagoak eskatzen dira, kartzela arinagoak eta bestetik kartzela gehiago, kondena luzeagoak, kalera ateratzeko baimenak kentzea...